XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELKARRIZKETA

Patziku PERURENA: Ez diagu oinarri sendo bat geure buru eta historian sinisteko

IKERKETA LANETAN MURGILDUA HABIL GEHIENETAN.

BEHARBADA GUSTORAGO IKUSTEN DUK HIRE BURUA LAN HORRETAN SORKUNTZA LANETAN BAINO?

Ez sorkuntza ere gustoko diat.

Bainan kontua zera duk; kuriosidadea nian, Azkueren kantutegia begiratu eta baita besteak ere, eta Leitza ez huen inon azaltzen.

Hortik hasi ninduan gai horiek lantzen.

Nere problema duk gustatzen zaizkidala hainbeste gai ezin naizela denetara iritsi, bainan oso gustora aritzen nauk sormen lanetan, poesian eta pentsamendu lanetan ere bai.

Ikerketa lanetan ez zegok deus ere egina eta herri guzietan adibidez elizaren artxiboa hartu eta goitik beheraino ongi aztertu beharko lirateke datu guztiak.

Mila gai zeudek eta nik ahoz belarrira jasotakoa pixka bat ziurtatzeko artxiboetara jotzen diat.

Hori duk euskal historiaren beste problema bat.

Akonplejatu batzuk gaituk.

Euskaldunak bere burua barrendik ez dik kasik sekulan ikusten edo beti beste baten konparazioan.

Euskararen desgrazia horixe duk, beti ingurukoaren morroi dela.

Ez diagu oinarri sendo bat geure buruan eta geure historian sinisteko.

ZER IDURITZEN ZAIK JENDEAK ESATEA BETI IRAGANARI BEGIRA BIZI HAIZELA?

Nere hizkuntza eta nere mundu afektiboari zentzu bat emateko hori guztia jasotzea beharrezkoa egiten zaidak.

Lehen elizak kristautasuna sartzeko euskara tresnatzat erabiltzen zuen bezalaxe erabiltzen ditek gaur egun ETBk, Euskadi Irratiak eta Egunkariak, kanpotik datorren informazio guztia euskaldungoari sartzeko.

Herri izateko beharrezkoa ote dugu guzi hori?

ZER DU TXIRRITAREN GARAIAK EGAÑARENAK EZ DUENA?

Txirrita bere garaian bertsolari natural bat huen eta Egaña gaurko gizartean espektakuluaren zerbitzura dagoen jornaleko morroi bat duk.

NOLA IKUSTEN DITUK BIHARKO LEITZARRAK?

Beste edozein herritakoak bezalaxe, desertu kultural batean bizi diren tipoak bezala.

TBaren inperioak kanpoko informazio eta kultura baino ez baitigu ematen.

Euskara horretarako erabiltzeak neretzako ez dik balio.

DATUAK

- Jaiero Leitzako karrapean txistua jotzen duen arren ez du bere burua txistulari bezala ikusten, ezta literato bezala ere.

- Euskararen baitan bizi da eta euskaltzale baino euskaldun soilaren definizioa atseginago du bere buruarentzat.

- Bere ingurua nola dihoan ikusita beharbada arrotz xamar sentitzen da.

- Berak dioenez, askoz ere kontentuago biziko zatekeen berak esan nahi duena beste batek idatziko balu eta bere dedikazio bakarra irakurtzea edo ikertzea izanen balitz.

- Aspertu eta etsia hartu arte euskararen esperientzia historiko eta afektiboa jorratzen segitzeko asmoa du.

Euskaldunak bere burua barrendik ez dik kasik sekulan ikusten edo beti beste baten konparazioan.

Euskararen desgrazia horixe duk, beti ingurukoaren morroi dela

TESTUA: Joxemanuel IRIGOIEN

ARGAZKIA: ARTXIBOA